
Ikerketaren arabera, baserritar batek isuri ditu hondakinak Errezil errekara
Errezil Foru Aldundiko diru laguntzak jasotzen dituen Lasturko enpresak ukatu egin du hondakinak isuri dituena bera izan denik
aiora larrañaga
Joan den ostegunean, abereen txiza garraiatzen duen kamioi zisterna batek Errezilgo Errezil errekan isuri zituen hondakinen ondorioz ehunka arrain hil direla salatu zuten bi herritarrek. Horren harira, txiza garraiatzeko kamioiak kudeatzen dituen Lasturko S.L. enpresak eurak ez direla izan adierazi du.
Maiatzaren 23tik azaldu gabe
Behi aziendek sortzen dituzten hondakinak edo purina zelaietan zabaltzen da ongarri organiko moduan. Zenbait baserritarrek euren tresnak dituzte horretarako, baina badaude hori zabaltzeko zailtasunak dituzten baserritarrak ere, eta eurei laguntzen Gipuzkoan zehar lau kamioi zisterna ibiltzen dira. Horiek denak Lasturko S.L. enpresakoak dira eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntza jasotzen dute.
Jose Angel Salegik, Lasturko enpresako arduradunak, euren aurka egin diren salaketak ukatu ditu. Salegik adierazi nahi izan duenez, «maiatzaren 23tik ez da kamioi zisternarik ibili Errezilen. Ordutik kamioiak non ibili diren testigantza emango luketen baserritarrak ditut, baita beraiek sinatutako albaranak ere».
Ingurunea zainduz
Salegik adierazi duenez, Lasturko enpresa beti saiatzen da ingurumena zaintzen. «Askotan haserretu izan dira baserritarrak gurekin, purina zabaltzeko baldintza txarrak daudela iruditu zaigunetan lana atzeratu izan dugulako. Kontuan hartzen dugu beti lurraren eta eguraldiaren egoera».
Lasturko egiten duen lanarekin arduratsua dela ere azaldu du, «baina horrekin ez dut esan nahi istripuak gertatu ez daitezkeenik».
Hodia lehertu zen
Ikerketaren inguruko iturriek HITZAri adierazi diotenez, «Errezil errekako isuria istripua izan zen. Baserritar bat ostegunean zelaian purina zabaltzen ari zela, hodiak presio gehiegi hartu zuen eta lehertu egin zen. Baserritarrak autoa hartu eta depositoa ixtera joaten pasa zuen denboran purina inguru guztira zabaldu zen, errekara ere bai. Bertako urak kutsatu egin ziren eta horrek erreka erretzea ekarri zuen».
'Purina' non sartu jakin ezinik
Errezilgo basozain Mikel Mendizabalek adierazi duenez, «askotan baserritarrak purina non sartu ez dakitela ibiltzen dira. Hau belarra bildu berri dagoenean bota behar da zelaira, baina garai euritsuetan ezin izaten dute belarra bildu, ezta ongarria bota ere. Baina behiek purina sortzen jarraitzen dutenez, baserritarrek ez dute jakiten zer egin hori gainetik kentzeko».
Gai honen inguruan kasu bitxiak ere gertatu direla azaldu du Mendizabalek. «Eulatz atzetik erreka garbi-garbia igarotzen da. Baina denboraldi batez askotan zimaurrez betea azaltzen zen. Arazoa ikertzen jardun ginenean konturatu ginen erreka leize-zulo batean sortzen dela, eta hori mendian gorago dagoen zulo batekin lotuta dagoela. Baserriten batek purina zulo horretara botatzen zuen eta, ondorioz, errekaren sorburura».
Dantza
Bikote Gazteen Dantza Txapelketa
ZARAUTZ, Musika Plaza - 2008-09-05
Erakusketa
XXVII. Inazio Iriarte Margo Lehiaketako lanen bilduma
AZKOITIA, Torre Zuri - 2008-09-05
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.