
Bihar San Antonio jaiei hasiera emateko dena prest du festa batzordeak
Errezil Egitaraua herritarren zaletasunak eta proposamenak kontuan hartuta prestatu dute eta denetik izango da jaietan
aiora larrañaga
Bihar hasiko dira San Antonio jaiak Errezilen eta aurten ere egitarau oparoa antolatu du festa batzordeak. Jaiei hasiera emango dion suziria bihar botako dute, San Antonio Egunean, eta asteburuan zehar ekitaldi ugariz gozatzeko aukera izango dute errezildarrek eta bertara hurbiltzen direnek.
Dena dela, festa batzordeko kide Koldo Artzallusek adierazi duenez, «Gipuzkoako Sega Federazioak ekainaren 15erako aurreikusita zuen Gipuzkoako Sega Txapelketa astebetez atzeratuko da. Beraz, ez da herriko jaietan ospatuko». Hala ere ekitaldi ugari izango direla aipatu du.
Herritarren nahien arabera
Aurtengoan ere, aurreko urteetako festa batzorde bera izan da San Antonio jaiak antolatu dituena. Artzallusen esanetan, «egitaraua herritarren zaletasunak eta proposamenak kontuan hartuta prestatu dugu. Batzodeko kide gehienak gazteak diren arren, adin guztietako jendearentzako erakargarria den egitaraua egiten saiatu gara». Festa batzordea osatzeko deialdia orain dela 4 hilabete egin zuten eta ordutik lanean dabiltza bertako kideak.
Ekainaren 15erako prestatutako egitarauaren baitan, Gipuzkoako Harri Txikien eta Txingen txapelketa jokatuko dira. Artzallusen esanetan, «Harri Txikien eta Txingen txapelketak garai honetan jokatzen dira eta herrian herriko kiroletarako zaletasuna dagoenez, antolatzaileekin hitz egin eta jaietako egitarauan txapelketak sartzea polita izan zitekeela pentsatu genuen». Gainera, Aimar Irigoien harri-jasotzaile errezildarrak ere txapelketan parte hartuko du, eta «ekitaldiak herritarren artean ikusmin handia sortuko duela iruditzen zaigu».
Gero eta jende gehiago
Errezilgo jai nagusiak, San Martinak, azaroan izaten dira. San Antonioak, berriz, herriko ermita baten inguruan sortutako jaiak dira. «Hala ere, azken urteetan ikusten da San Antonioetan gero eta jende gehigok parte hartzen duela. Herritar dezentek hartzen du parte jai egun horretan».Umeentzat ere egun berezia izatea nahi dute antolatzaileek. Horregatik, arratsaldean zehar eurentzat jolasak izango dira eskolako jolastokian.
############
SAN ANTONIO JAIAK
Ekainak 13, bihar San Antonio Eguna 10:30. Suziria botako dute San Antonion.
11:00. Meza.
Ondoren, hamaiketakoa. Herriko trikitilarien eta bertsolarien emanaldia. Haurrentzako poniak, zekor txikiak... izango dira. 16:00. Umeentzako jolasak eskolako jolastokian.
Afalostean, herriko gaztetxoen play-back emanaldia.
Gero, Kupelarekin erromeria.
Goizaldean, txorizo egosi pintxoak Borondegin.
Ekainak 14, etzi
11:00. Krosa herriko gaztetxoentzat.
18:30. Triki-poteoa.
22:30. Bertso saioa pilotalekuan: Amaia Agirre, Aitzol Barandiaran, Beñat Lizaso, Unai Muñoa, Xabier Silveira eta Iker Zubeldia.
Ondoren, Izer, Lutxurdio eta Larrañaga trikitilariekin erromeria.
Ekainak 15, igandea 12:30. Herriko dantza eta bertso ikasleen emanaldia. Arratsaldean zehar, Xabier Etxaniz eta Liria Irigoien trikitilarien emanaldia izango da.
18:00. Harri Txikien eta Txingen Gipuzkoako txapelketak jokatuko dituzte eskolako jolastokian. Harri txikietan: Jokin Eizmendi, Aimar Irigoien, Jesus M. Iruretagoiena Izeta III, Hodei Iruretagoiena Izeta VI, Joseba Ostolaza, Urtzi Telleria. Txingetan: Juan Jose Agirregabiria, Patxi Ituarte, Jabi Urresti, Andoni Zubiaurre.
Ekainak 16, astelehena 12:30. XVI. Usakume Tiro Txapelketa.
############
Dantza
Bikote Gazteen Dantza Txapelketa
ZARAUTZ, Musika Plaza - 2008-09-05
Erakusketa
Ander Hormazuriren erakusketa
ZUMAIA, Oxfor aretoan - 2008-09-05
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.