Edukira joan

Urola Kostako Hitza

Errezil
2008ko irailak 5, Ostirala

;2008-06-07;´Bitartekariak negozioa egiten ari dira eta baserritarrak, berriz, dirua galtzen». Errezil Azpillaga baserritik bizi den bakarretakoa da herrian; EHNEk manifestazioa deitu du etzirako Donostian, baserritarrek bizi duten egoera salatzeko . JOSE INAZIO AZPILLAGA õ . Baserritarra

jose inazio azpillaga ðBaserritarra

«Bitartekariak negozioa egiten ari dira eta baserritarrak, berriz, dirua galtzen»

Errezil Azpillaga baserritik bizi den bakarretakoa da herrian; EHNEk manifestazioa deitu du etzirako Donostian, baserritarrek bizi duten egoera salatzeko

aiora larrañaga

Gero eta zailagoa da baserritarrentzat euren ogibidearekin bizimodua ateratzea. Gipuzkoa osoan gero eta baserri gutxiago dago eta jarraitzen dutenek garai zailak bizi dituzte, baita eskualdean ere. Egoera «larri» hau salatzeko asmoz, Euskal Herriko Nekazari Elkarteak (EHNE) manifestazioa deitu du etzirako, iganderako, Donostiako Bulebarrean, Baserria, herriaren nortasuna eta guztion osasuna, borrokatu ala desagertu lelopean. Horren harira, Joxe Inazio Azpillagak (Errezil, 1969) eskualdeko baserritarren egoerari buruz hitz egin du.

Zein da gaur egun baserritarrek bizi duzuen egoera?

Oso kontrolatuta gaude. Administrazioak gaizkiletzat jotzen gaituela iruditzen zait niri askotan. Gero eta baserri gutxiago daude eta ekoizpenarekin jarraitzen dugunok gero eta paper gehiago bete behar ditugu kontrolaren izenean. Baina, hori bai, gure produktuak baserriko atetik ateratzen diren mementotik ez dakigu bitartekariek zer egiten duten eurekin.

Erosleek dendan produktuak gero eta garestiagoak erosten dituzte. Zuek garestiago saltzen al duzue ekoitzitakoa?

Bitartekariek lortzen dituzte kasu horretan irabaziak. Baserritarrek haragia orain dela 30 urteko prezio berean saltzen dute. Esnea ere egoera horretan egon da, orain zertxobait igo bada ere. Hala ere, igoera horrek ez du konpentsatzen pentsuek izan duten igoera, urtebetean %50 igo baitira. Bitartekariek negozioa egiten duten bitartean baserritar asko dirua galtzen ari dira.

Egoera horren aurrean ez zarete asko izango nekazaritzatik bizi zaretenak, ezta?

Ez, gero eta gutxiago.Prezioen kontua oso larria da. Horretaz gain, badaude baserriaren gainbeheran eragiten duten beste hainbat faktore ere. Zenbait tokitan, kosta eta Goierri inguruan adibidez, baserritarrek administrazioaren partetik jasaten dute presioa izugarria da. Gero eta azpiegitura gehiago egiten ari dira eta baserritarrentzat ezinezkoa da euren lurrak defendatzea. Errezil inguru honetan ez dugu arazoa hori bizi, hemen badugu lekua nekazaritzarako. Arazoa, ordea, lurrek duten prezioa da. Kaletar bat nekazaritzan hastea oso zaila da gaur egun. Bestetik, baserriak dituzten asko lantokietan hasi dira lanean, eta baserria bizitokia soil bihurtu dute.

Eta zer iruditzen zaizu egoera hori, baserria bizitoki soil izatea?

Nekazaritzari ez zaio duen balioa ematen. Denera 100 baserri inguru izango dira Errezilen eta horietatik 7tan bakarrik bizi gara horretatik. Badaude haragitarako behiak dituztenak ere, baina normalean industrian lan egiten dutenak izaten dira. Etxe ingurua garbi mantentzeko dituzte, haragitarako behiekin dirua galtzen ari baitira gaur egun. Egoera horretan normala da askok baserrian ekoizteari utzi izana.

Zer aldatu beharko litzateke baserritarrek bizi duzuen egoerak hobera egin dezan?

Alde batetik, nik uste dut kontrol gutxituago egin behar direla. Egoera honetan baserritarrok ezin dugu aurrera egin. Nik litro bat esne saldu nahi badut, multinazional bati eskatzen dioten kontrol berdina izatea eskatzen didate, eta hori jasanezina da, ez baitaukat horretarako baliabiderik. Guk arriskuen eta tamainaren araberako kontrola eskatzen dugu. Gainera, askotan ez dakigu esnea gure etxetik irteten denetik aurrera zer prozesu jasaten duen, eta hori kontrolatu beharko litzatekeela uste dut. Bestetik, baserritik bizi ahal izateko beharrezkoak diren gutxiengo prezioak markatzea eskatzen dugu, produktuz produktu. Hori egin ezean, baserria ez baita inoiz bideragarria izango.

Administrazioak nekazaritza sustatzeko diru publiko gehiago inbertitu behar duela iruditzen al zaizu?

Nekazaritzara diru publiko piloa bideratzen da, bai, baina hau enpresa publiko, parapubliko eta elikagai industria handietara bideratu du administrazioak. Baserritarrak, berriz, babesik gabe utzi gaitu. Horrela sektorea eta baserritarren ekoizpena kontrolatu nahi dute, nahiz eta nekazaritzarik gabe geratzeko arriskua egon. Nik uste dut egoera honekin hautsi egin behar dugula, kanpora begirako itxurakeriazko politika baita hori.

Zein da zure ustez etorkizunean nekazaritzak jarraitu behar duen bidea?

Hasierako filosofia hura berreskuratu behar dugula uste dut. Hemengo baserritarrak soberakinak saltzen hasi zirenan eurek ekoiztu eta saltzen zituzten euren produktuak, eta inork ez zuen pentsatzen baserrriko tomateak edota esnea kaltegarriak izan zitezkeenik. Hori da benetako kalitatea, eta ez administrazioak saltzen duena. Gure helburua berriz ere konfiantza hori lortzea da; kalitatezko elikagai nahikoa produzitzea, elaboratzea eta kontsumitzaileengana iristea, beti ere ingurumenarekiko oreka mantenduz eta hori errespetatuz. Bide horretatik, baserritarrentzat errenta duina eta kalitatezko bizitza bermatzea lortuko da.

© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.